XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); huni behintzat hala zeritzaion.

Dena den, Oihanartek haren ilusionea edukitzeko eskubidea errespetatu nahi zion.

Asmatu mundu hura, seguraski, hain maiz eta biziki sendituarazi behar izan zuen, non azkenean Arrosak berak ere sinetsiko bait zuen.

Azken finean Oihanartek berak ere bere burua idazletzat agertu zuen eta hori, onenean, ikuskizun zen.

Horrengatik, hori zen Oihanartek errespetatzen zuena Arrosarengan; bizitza aintzina eraman ahal izateko beharrezko zuen ilusione hura.

Izan ere, zer duk bizitza ilusione bat baino?, zioen Oihanartek berekiko.

Hala ere, Oihanartek bere gogoeta eta iritziak azaldu nahi zizkion Arrosari, pixka bat aintzinago joan nahiz edo.

Eta hunela, neguko egun epel batez, ego aize berezikoa, berriz ere elkar ikustekotan gelditu ziren.

Oihanartek dena azaldu zion eta asmetan Arrosa galduta bezala gelditu zen, pixka bat ez aise, bainan begiradek elkar topatu zuten xamurrenean eta lasaitu zen.

Far pixka bat egin zuten.

Kafetegitik atera ziren eta denbora puska batez ibiltzen egon ziren, bizitzari buruzko gogoeta batzuk egiten.

Gero, ohizko joera bait litzan, Arrosaren etxera joan ziren baldintza eta loturarik gabeko amodioa une bateko amodioz trukatzera; goxo, luze, aske.

To, ipuinak zerbaiterako balio izan dik gero!

Aldi bakarra izan zen, bainan ondoren pixka bat adiskideago, maiteago gelditu ziren Londonerako bidai hartan elkar topatutako Arrosa amodio saltzaile eta Oihanarte idazle kaxkarra.